Inicio » Sala de Prensa

KORONABIRUSA (SARS-Co V-2)

Enviado por en 2 marzo, 2000 – 6:58 PMSin comentarios

Koronabirusa (SARS-CoV-2) mundu mailan giza-osasun alarma eragin duen arazoa da.

Gizakiarentzat birus berria izaki eta ezaugarri asko ezezagunak izanda, zentzuzkoak dirudi arduradunek hartu dituzten neurriak. Hala ere, gizartean eta hedabideetan sortu duen eragina birusa bera baino kontrolaezinagoa dirudi.

Datu patogenikoak –orain arte bederen- oso kezkagarriak ez diren arren, Osakidetza eta medikuok ere ez gaude ziurgabetasun eta gizarte alarmatik kanpo eta, beraz, lan-baldintzetan eragina izan dezake.

Koronabirusaren (SARS-CoV-2) aurrean lehen lerroan dagoen gizatalde profesionala osasun langileak dira, medikuak batez ere, eta bereziki Lehen Mailako Arretakoak, EAGkoak, Larrialdietakoak eta Ospitaletako Larrialdietako medikuak, osasun sistemara joandakoan beraiekin baitu pazienteak lehen harremana.

Gure erantzukizunek eta egungo egoerarekin ditugun konpromisoek ez dute gure eskubideak murrizteko arrazoi izan behar. Horregatik, Euskadiko Sendagileen Sindikatuak honako puntuok azpimarratu nahi ditu:

  1. Osasun Sailak pazienteei arreta emateko eta langileon babeserako helarazten dizkigun jarraibide protokoloak aintzat hartu eta jarraitu.
  2. Pazienteen diagnostiko eta tratamendurako beharrezkoak ditugun neurri guztiak eskatzea, baita lantokietan kudeaketa egokia eta bertako langileen babeserako ezin bestekoak diren neurriak hartzea ere, lan-esparru horietarako behar diren neurriko heziketa osoa emanaz.
  3. Erakundeak eskaintzen dizkigun heziketetan parte hartzea, nahiz on-line edo aurrez-aurrekoa izan. Lanordu arruntetik kanpo, eta EAG, Larrialdi eta Ospitaleetako Larrialdietan ohikoak diren presentzialetan, orduko ordu eta erdi zenbatu behar dela gogoan izanda.
  4. Arrisku susmorik izanez gero, etxean egon behar da, eta 900203050 doako telefonora deitu.
  5. Birusa harrapa dezun susmorik izanez gero, isolatuta pasa beharreko egonaldia gaixotasun arrunteko laneko bajatzat hartzen da, eta telefonoz kudeatu behar da. Baldin eta diagnostikoa baieztatuko balitz, Laneko Osasuneko zerbitzuekin harremanetan jarri behar da, gaixotasunaren jatorria lanekoa izan daitekeela balioztatzeko.
  6. Gai honetan gizarte erreferente garenez, eta berez dugun erantzukizuna areagotuz, egiazko osasun informazioa helarazi behar dugu, zurrumurru eta guztiontzat hain kalterako diren alarmismo egoerak alde batera utzita.
  7. Gaitzak harrapatu dituen osasun-lankide guztiei lehenbailehen senda daitezela opa diegu.