Inicio » Euskera (Artículos)

Apirilaren 28a Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna: EGIN DEZAGUN BALANTZEA

Enviado por en 1 enero, 2010 – 10:41 AMSin comentarios

Gaur, apirilak 28, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Pandemia bete-betean sartuta jarraitzen dugu; beraz, une aproposa da atzera begiratu eta balantzea egiteko.

Gogora dezagun…

Día Mundial Seguridad Salud Laboral 2021Lehen alarma-egoera ezarri baino astebete lehenago, maskara edo musuko kirurgikoen erabilera mugatu egiten zuten: biztanleria larritzen genuela esaten zuten. Gero, NBErik eza ez zela hainbestekoa zabaldu zuten, eta zabor-poltsak gure babesaren sinbolo bihurtu ziren. Argi ikusten zen zerbaitek huts egiten zuela.

Osasun langileek Covid-aren sintoma susmagarriak izan arren proba diagnostikoak erregutu egin behar izaten genituen. Frogak egitea lortu, lortu genien, baina PCR frogak positibo eman, eta, froga negatibo bihurtu ote zen egiaztatu gabe, lanera bidali gintuzten. Azkenik, kostata, gure osasunagatik eta batik bat gure pazienteenagatik jarduera hori ez zela bidezkoa ulertu araztea lortu genuen.

Nahiz eta gure kutsatze-kurba erkidegoko gizarte-kurbaren oso gainetik egon, 2020ko iraila arte ez genuen lortu Covid-19a lan-istriputzat har zezaten osasun langileentzat. Eta, 2021eko otsaila arte, ez genuen lortu Gaixotasun Profesionalarekin parekatzea, prestazioen ondorioei dagokienez.

Hilabete horretan bertan, 2021eko otsailean (pandemia hasi zenetik urte oso bat igaro eta gero), lortu genuen pazienteekin harremanetan jarduten zuten langile guztiek FFP2 maskarak libreki erabiltzeko aukera izatea.

Hori bai, guri egotzi digute arduragabekeria. Eta, bien bitartean, pandemia hasi zenetik 2021eko apirilaren 15a bitartean, 4.721 osasun langile gaixo izan ditugu Osakidetzan, eta horietatik 1.276 medikuak gara.

Osasun langileak babes gabe

Babes falta hori ez dugu guk bakarrik salatu. Lan Ikuskaritzak eta zenbait epai judizialek baieztatu dute ez zaigula babestu behar bezala. Horren guztiaren ondorioz, gure “Laneko segurtasuna eta osasuna” ahuldu egin dira.

Eta hori ez da amaitu. Egiteke daude:

  • Covid zirkuitu guztiz independenteak antolatzea.
  • Aireztapen natural egokiak zentro guztietan prestatzea.
  • co2-aren neurgailuak ezartzea.
  • Egokitzapen arkitektonikoak burutzea.
  • Eta abar.

Baita:

  • Lan-kargak kontrolatzea:
    • Lehen Mailako Arretan: mediku/gaixo ratioak eta eguneko gehieneko kontsulta kopurua.

    • Ospitaleko Arretan: langile hornidura egokia.

  • Osasun zentroetan segurtasuna bermatzea.
  • Eta abar.

Gai asko daude eztabaidatzeko, bai Osakidetzan, bai gainerako erakunde publiko eta pribatuetan. Pandemiari aurre egiten ari garen medikuok aspalditik ari gara ikusten egiturazko arazo endemikoen eraginaren ondorioz nola “Laneko Osasuna eta Segurtasuna” okerrera egiten ari den.

Bide luzea dago egiteko. Horregatik, SMEn etengabe jarraituko dugu lanean kolektibo osoarentzako Laneko Segurtasun eta Osasun eraginkorraren alde.